XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ABERRI EGUNA-REN GAURKOTASUNA.

ABERRI-Egunaren erroak sentikorrak dira; eta bide batez, Aberri-Eguna erantzun politiko baten oihartzuna da.

Erantzun politikoa hontan dago: Lehenengo Aberri Eguna ospatu baino hilabete aurretik eskuindarrek Bilboko Euskalduna frontoian mitin handi bat antolatu zuten; Eusko Alderdi Jeltzaleak pentsatu zuen honi erantzun nabarmen bat eman behar zitzaiola.

Bihotza, berriz, beste hoietan: Don Luis Arana-Goirik Sabini abertzaletasunaren begiak ireki zizkiola 50 urte betetzen ziren 1932ko udaberri hartan, eta Pazko eguna Berpizkunde Eguna denez, gure herriaren berpizteari eskaintzeko izpirituarekin sortua izan zen Aberri Eguna.

Eli Gallastegi bide zela, Irlandako Pazko odolezko haren oroipenak ere izan zuen antolamenduan bere jokoa.

Dena dela, gauz bat dago argi: Sortu zen, behar zelako.

Eta lehenengoa Bilbon ospatu zen, izpiritu berriaren jaioterria, Abando, bertan zegoelako.

Eta dagoelako oraindik.

Harrezkero beste hiru ospakizun egin ziren guda arterainokoan: 1933an Donostian (Euskadi-Europa), 1934an Gasteizen, eta 1935an Iruñean.

Gerrarteko Aberri-Egun hoiek izan ziren gero ospatuko zirenen hazi.

Eta hazi emakor eta iraunkor.

Larrialdi ikaragarrietatik zehar iragana da hazi hau, eta beti eman du frutua, gure Arbolak bezala; gudan bertan, eta gero espetxean, torturapean, ixilpeko lanetan, kultura eta politika zanpaketan, beste era askotako hilketetan, eta erbestaldi luzean.

Aberri-Eguna, herrian eta atzerrian, gure itxaropenari eusteko ospakizun zoragarri bat izan da abertzaleontzat.

Eta orain, baretu da ekaitza.

Argiak hasi dira pizten; neketsu bezain pozgarri; ez da oraindik askatasun eguzkiaren egunsenti-aurrea besterik, baina hasi da zabaltzen zenbait alorretan.

Ezin du hau inork uka.

Baina badirudi, Aberri-Egunaren frutu batzu ehiartzen hasiak direla; ez du gure artean, Agirre Lehendakariak aitatzen zuen gure arteko anaitasun sakon hura ematen.

Egia da, bestalde, gure herriak inoiz baino herrikontzientia handiagoa duela; baina berekoikeriak direla, eta itsukeriak eragindako hilketak direla tarteko, geu hasi gara Aberri-Egunaren izpiritua itotzen.

Ez dugu azken bizpairu urte hoietan Berpizkunde eguneko ospakizunerako batasun deirik egin.

Ia-ia gure herria batu zuen izpiritua nolakoa den ahaztu ere egin zaigu.

Ez ote dugu gaur behar?.

Hil ote zaigu? Hazi hura, Arbola emankor hura, antzutu ote?.

Bi batasun moeta lortu behar ditugu Euskerian, zorigabeko herri hau bere buruaren jabe izango bada, zion Sabinek; eskualde bakoitzean bertako semeen artekoa, eta sei eskualde hoien batasuna bestetik, gure Aberria herri bezala bizirik irtengo bada.

Lekutan gaude oraindik.

Baina bestalde, eman diren pausoak handiak izan dira; lorketa honen pozak ematen duen eraginarekin ez genituzke Sabinek jarritako jo-muga eta bideak hain zabarki ahaztu behar; bestela, orain ehun urte paseak Arana batek besteari pasa zion eragin bulartsu haren nekeak alperrikakoak izango lirateke, eta Euskadi, gure naziotasunaren projektu politikoa, bidean zirtzilduta geratuko litzaiguteke.

Eta orain arteko neke-minak eta hilak erantzungo liguteke.

Eta etorkizuneko seme desanparatuak madarikatuko.

Martin Ugalde.